Berdintasunezko jaiak. Emaiezu buelta Arabako jaiei!
26/06/2017
Emakumeen Gela Inaugurazioa Aiaran
02/10/2017
Ikusi guztiak

Amelia Barquinekin hizketan: Generoa eta kulturartekotasuna

Ekainaren 20an, Amelia Barquinekin hitz egiteko aukera eduki genuen Oiongo Bazterra aretoan. Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien irakaslea da bera, Mondragon Unibertsitatean, eta aditua da kulturartekotasunean, hezkuntzan eta generoan. Migrazio-fenomenoari buruz hitz egiten hasi zen, bai eta fenomeno horrek azken urteotan gure gizartean eta hezkuntza-zentroetan sortu dituen aldaketei buruz ere. Aldaketa horiek behar bezala kudeatu behar direla adierazi zuen. Era berean, gizarte hartzaileak migrazio-fenomenoaren aurrean erakusten dituen hainbat jarrera azaldu zizkigun, zeinak etnozentrismoaren eta erlatibismo kulturalaren artean mugitzen diren. Bestalde, asimilazioaren eta gizarteratzearen arteko ezberdintasunez aritu zen, biztanleria hartzailearen eta migratuaren arteko harremanei dagokienean.

Ondoren, emakumeen janzkera eta gorputza hartu zituen ardatz gisa, tirabiren lurraldea izaten baitira horiek. Oraingoan, azken urteotan hijabaren inguruan (emakume musulmanek burua estaltzeko erabiltzen duten beloa) sortu diren gatazkak aipatu zituen bereziki, eta bere esparru ideologikotik heldu zion aferari; hau da, kontzeptu hauetatik abiatuta: giza eskubideak, kulturartekotasuna, feminismoa, inklusioa, gizarte-kohesioa eta aniztasunaren balioa. Era berean, honela definitu zuen patriarkatua: “sistema sozio-politiko bat da, non genero maskulinoak duen lehentasuna eta boterearekiko harreman handiagoa (politikan, erlijioan, ekonomian…). Adierazi zuenez, aldakorra da bai denboran, bai espazioan, eta bi patriarkatu mota bereizi zituen: ezarpenaren bidezko patriarkatua eta erakarpenaren bidezko patriarkatua.

Bere aurkezpenean, hainbat irudi eta egoera sartu zituen Barquinek. Adibidez, lehen hezkuntzako ikasle neska baten kasua azaldu zuen. Neska hori duela urte gutxi kanporatu zuten ikasgelatik, eta zuzendaritzan jaso behar izan zituen eskolak, hijaba janzteagatik bakarrik. Iazko udako irudiak ere ekarri zituen, non musulmana zirudien emakume bat Nizako hondartza batean zegoen, atseden hartzen, eta polizia batzuek inguratu egin zuten, arropa batzuk kentzera behartuz.

Adierazi zigunaren arabera, hijaba janzten duten emakumeek askotariko arrazoiak ematen dituzte horretarako: errebeldia eta protesta da batzuentzat, erlijio-arrazoiak daude beste batzuentzat, identitate kolektibo baten parte sentitzeko janzten dute beste batzuek, libreki beste batzuek, presiopean beste batzuek, eta, agian, beste arrazoi batzuk egoten dira tartean. Aurkezpenean, sare sozialetan zabaldutako protesta baten berri eman zuen. Protesta horretan, herrialde batzuetan emakumeei hijaba janzteko betebeharra ezartzen dietela salatzen zen: gizon irandar batzuek beloa janzten zuten, protesta modura, eta selfieak ateratzen zituzten belorik gabeko emakumeen ondoan. Beren herrialdeetan oso arriskutsua izan liteke hori egitea, bai gizonentzat, bai emakumeentzat

Kultura musulmanetako patriarkatuaz gain, mendebaldeko gure patriarkatuaz ere hitz egin zuen. Patriarkatu hori, emakumeen gorputzera eramanda, hainbat modutara adierazten da; depilazioa da adibide nabarmenetako bat. Emakumeak depilatzera behartzen ez dituen legerik egon ez arren, genero-agindu argitzat jo daiteke, depilatzeari uko egiten dion emakume baten inguruan ondorio eta erantzun asko sor daitezke-eta.

Amaitzeko, gure patriarkatuak gizonen gainean eta horiek janzteko eta munduaren aurrean agertzeko moduaren gainean dituen ondorioen adibide batzuk eman zituen: Hausnarketa gisara planteatu zigun ea zer gertatuko litzaiokeen gizon bati gona janztea erabakiko balu, eta zer-nolako erantzunak sortuko liratekeen bere inguruan hala egingo balu. Horrekin, agerian utzi zuen gizonak ere ez direla nahi duten bezala janzteko erabat libre.

Ameliarekin eduki genuen elkarrizketa, zalantzarik gabe, iradokitzailea izan zen begirada ezberdina probatu ahal izateko, kultura-adierazpen ezberdinen inguruan hausnartzeko, eta gure jarrerak, ekintzak eta kultura bera berrikusteko.

 

 

.

Ekitaldiak eta berriak
Eguneratu!
Ez, ezkerrik asko
We respect your privacy. Your information is safe and will never be shared.
Don't miss out. Subscribe today.
×
×
WordPress Popup Plugin