Arabako Kuadrilletako LGTBI+ pertsonen errealitateen inguruko diagnosia egiteko inkesta
17/09/2020
Martxoak 8 Emakumeen nazioarteko eguna – Hitzaldia “Cuidados y sostenibilidad de la vida: hacia la visibilización y el reconocimiento social”
05/03/2021
Ikusi guztiak

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak pandemia garaian emakumeek egunerokoa hobetzeko egiten duten lana azpimarratu nahi dute

«Bizitzarako FUNTSEZKOAK? Aitorpenak, Duintasuna, Erantzukidetasuna» lemaren pean, bi erakundeek herritarren, erakundeen eta entitate pribatuen arreta erakarri nahi dute martxoaren 8an

Gasteiz, 2021eko martxoaren 1a. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak indarrak batu dituzte aurten martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzeari begira, eta kanpaina bateratu baten bidez, pandemia garaian emakumeek gizartearen egunerokoa hobetzeko egiten duten lana azpimarratu nahi izan dute.

Berdintasun foru diputatu Ainhoa Campok eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landak gaur goizean aurkeztu dute kanpaina, aldundiaren jauregian. Aurtengo lema “Bizitzarako FUNTSEZKOAK? Aitorpenak, Duintasuna, Erantzukidetasuna” da.

«Osasun-krisialdi honetan agerian geratu da emakumeen egitekoa bizitzaren sostenguan, aparteko egoera sanitarioak nabarmen handitu baitu zaintzen beharra. Emakumeek zaindu dute gizartea pandemian zehar. Profesional soziosanitarioen artean eta funtsezko beste lanpostu batzuetan duten pisu handiagatik ez ezik, baita emakume horiek berek eta beste askok etxeetan eta beste espazio informalago batzuetan egin duten zaintza-lanagatik ere. Kutxazainak, nekazariak, garbitzaileak, zaintzaileak, erizainak… lehen lerroan egon dira. Baita ikertzaile, zientzialari eta politikariak ere. Baina leku ez hain ikusgarri batetik ere egin diote mesede gizarte osoari, etxeetatik”, nabarmendu du Ainhoa Campok.

.

Bestalde, Miren Fernández de Landak azaldu duenez,

kanpainaren helburua du gizartearen, erakunde publikoen eta entitate pribatuen arreta erakartzea, emakumeen lanak bizitzaren sostenguari egiten dion ekarpena aitor dezaten, gauza jakina izan arren are ageriago geratu baita covid gaixotasuna agertu denetik. Emakumeen lanaren zati handi bat ez da ikusten, eta ez da zenbatzen. Horrek esan nahi du, batetik, gutxietsi egiten dela etxeetan ekoizten diren ondasunen eta aberastasunaren balioa. Bestetik, gehien bat emakumeek egiten dituzten orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatzen eta ikusezin bihurtzen dira, eta jendarteak zaintza, osasun, gizarte eta babes zerbitzuetan egiten duen aurrezpen itzela ere ikusezin bihurtzen du. Gizarteak aurrezten duen hori emakumeok gure garapen profesional eta pertsonalean inbertitzen ez dugun denboran oinarritzen da, eta oztopo handia da berdintasunaren helburuan aurrera egiteko«.

Berdintasunaren arloko bi arduradunek azpimarratu dute pandemian agerian jarri dela gure gizartearen funtzionamendurako ezinbestekoak diren lan askoren feminizazioa, horietako asko zaintzarekin edo ugalketa-lanarekin lotutakoak izanik.

«Ez da ahaztu behar lan horiek gabe ezinezkoak liratekeela gizarteak balioesten dituen beste jarduera profesional eta ekonomiko batzuk. Hortik kanpainaren lema, egunotan puri-purian dagoen hitza baita: ‘funtsezko’. Gizarte matxista batean bizi gara, non funtsezko lanak ez baitira halakotzat jotzen”, nabarmendu du Ainhoa Campok, eta erantsi du: “horixe da gure sentsibilizazio-kanpainaren helburua: funtsezko lan horiek aitortu, duindu eta birbanatu daitezen. Aitorpena bilatzen dugu,
emakumeen lanak bizitzaren sostenguan duen garrantzia ikusarazi eta aintzat hartzeko. Lan horiek gabe, bizitza gelditu egingo litzateke. Gizartean eta soldaten ikuspuntutik aitorpenik ez duten edo gizonek egiten dituztenak bezainbeste aitortzen ez diren lan batzuen duintasuna bilatzen dugu. Eta lan horien ordain ekitatiboagoa bilatzen dugu. Herritarrek oro har eta gizonek bereziki beren gain har dezaten emakumeok egin oh ditugun zeregin horiek betetzeko erantzukizuna. Horrek lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioan berdintasun handiagoa izatea ahalbidetuko luke
«.

Testuinguru horretan, bi erakundeek arreta berezia eskaini diete baliabideak eskuratzerakoan askotariko oztopoak aurkitu ohi dituzten taldeei, enplegua berdintasunean lortzerakoan, kasu honetan. Izan ere, emakume migratzaileen kasuan, generoagatiko bazterkeriari beste faktore batzuk gehitzen zaizkio: gizarte eta familia sare baten falta, irregulartasun-egoera, erregularizazio-prozedura luzeak, eta enplegua eskuratzeko betekizunak betetzeari dagokionez abiapuntuko egoera desberdina, besteak beste. Oztopo horietaz gain, pandemiak beste batzuk sorrarazi ditu, emakume askok familietatik bakartu behar izan baitute gizartearen osasuna hobetzen laguntzearren.

Kanpaina bi erakundeen ohiko komunikazio-euskarrien bitartez zabalduko da, baita sare sozialetan eta hedabideetan ere. Sentsibilizazio-mezuak ez ezik, Aldundiak eta Udalak hainbat jarduera antolatu dituzte hirian zein lurraldean; www.araba.eus eta www.vitoria-gasteiz.org web-orrietan eskura daitezke programazioak.

.

Ekitaldiak eta berriak
Eguneratu!
Ez, ezkerrik asko
We respect your privacy. Your information is safe and will never be shared.
Don't miss out. Subscribe today.
×
×
WordPress Popup Plugin