Jarraiguzu:
Arabako Errioxan gero eta gehiago dira indarkeria matxistaren aurka bat egiten dutenak, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, hainbat deialdi antolatuz. Gure eskualdeko herri gehienetan elkarretaratzeak deitu ziren eta bertan A25eko adierazpenak irakurri ziren. Horrez gain, Lantziegon, Lapuebla de Labarcan, Oionen, Moretan, Samaniegon eta Mañuetan “Indarkeria Sexistaren Kontrako Matazak” proiektuarekin bat eginez. Lapuebla de Labarcan eta Eskuernagan, berriz, indarkeria matxista bizi izan duten emakumeen testigantzak jasotzen dituen “Volar” dokumentala proiektatu zuten. Eta Navaridasen, adibidez, beren “emozio moreak” partekatu zituzten indarkeria matxistaren kontra.
Baina ostiraletik ere, azaroaren 24tik, hainbat ekintza zeuden antolatuta:
Bastidako Kultura-Etxean goizeko 10etan, “Urrezko Giltza” izeneko antzezlanaren emanaldiaren bitartez, Ikastola eta Eskolako ikasleek genero indarkeriaren inguruko gaiak jorratu ahal izan zituzten. Arratsaldeko 19etan, aldiz, elkarretaratzea eta A25eko adierazpena irakurri ondoren, “Paulina” filma proiektatu zen. Amaitzeko solasaldia izan genuen filmak iradokitako ideien inguruan.
Eltziegoko ikastetxean ikasle, irakasle eta gurasoek bideo bat grabatu zuten indarkeria matxistaren kontrako beren jarrera erakutsiz.
Oionen, baita ostiralean ere, San Bizente Ikastola eta Ramiro de Maeztu Eskolako ikasle eta irakasleek, Zahar-Etxeko erabiltzaile eta langileak, eta “Kimu” Okupazio Zentroko kideek ekintza berezian parte hartu zuten: herrian zehar ibilbidea egin zuten taldearen aurrealdean genero indarkeriaren kontrako pankarta zeramatela; bidean zehar esku moreak itsatsi zituzten hainbat lekutan; amaitzeko, ikasleek A25erako egindako adierazpena irakurri zuten eta performancea egin zuten Bigarren Hezkuntzako ikasle batzuek.
Lantziego Ikastolan, aldiz, ikasle, irakasle eta gurasoen artean indarkeria matxistaren izeberga irudikatu zuten ikastolako patioan